5. Ondorioak
Familia-ereduak eraldatzen ari den gizarte-egitura batean murgilduta daudenez, haiek ere eboluzionatzen eta aldatzen ari dira. Nukleoan eta seme-alabetan oinarritutako gizarte-egitura –hori baita eredu tradizionalena– oraindik ere nagusiena bada ere, pixkanaka baina etengabe garrantzia galtzen ari da, beste eredu batzuen mesedetarako, adibidez seme-alabarik ez daukan bikoteak edo kide bakarreko familiak.
Familia-eredu berrien sorrera eta sendotze horretan, familia-mota berriak (familia homoparentalak, guraso bakarrekoak edo ezkontzaz araututa ez daudenak) gero eta indar handiagoaz sortzen ari dira. Horrez gain, familia guztiak ukitzen dituzten barne-harreman mota berriak ere eratzen ari dira, eta, horrela, kideen autonomia hazten ari da eta barne-negoziazioa handiagoa da.
Hala ere, familia-ereduaren bilakaeran funtsezkoa den eta analizatu behar den elementua, familiei laguntzeko politika publikoekin duen harreman zuzena dela-eta, seme-alabak dituzten ereduen ehunekoaren pisu-galera eta haren tamaina espezifikoaren beherakada da. Izan ere, badira hogei urte baino gehiago familien batez besteko tamaina –bai eredu tradizionalagoetan bai duela gutxiago sortu eta/edo arautu direnetan– etengabe murrizten ari dela, eta orain EAEn 20 urtetik beherako gazte baino 65 urtetik gorako adineko pertsona gehiago daude. Horrek eragin nabarmena dauka gaur egungo ongizate ereduaren iraunkortasun falta, pentsatuta dagoen moduan.
Funtsean, egoera soziodemografiko hori azaltzen duten bi faktore daude (egoera hori ez da guztiz desiragarria, familiek adierazi baitute nahiko lituzketen baino seme-alaba gutxiago dauzkatela), eta biei hel dakieke familiei laguntzeko politika publikoen bidez.
Lehenik, EAE gazteak atzerapen gehiagorekin emantzipatzen diren (eta, beraz, beraien familiak sortzen dituzten) Europako eskualdeetariko bat da. Horren arrazoiak gizarte– eta ekonomia-aldagaiak dira, adibidez etxebizitzaren kostu zeharo altua, bai erosteko bai alokatzeko, edo berez luzea den ikasketa-aldiko mugikortasun geografiko eskasa.
Beste aldetik, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko zailtasun izugarria dago, bai kulturari lotutako faktoreengatik (emakumeak hein handiagoan arduratzen dira ugalketa-lanez eta familia zaintzeaz), bai ordu-baliagarritasunari edo malgutasunari lehentasuna ematen dieten balioetan oinarritzen den ekoizpen-sistemaren ondorioz. Gainera, neurri publikoak (zuzenak zein sentsibilizaziokoak) ez dira egoera hori aldatzeko gai izan eta logikoa dirudi gogoeta bat egiten hasteak, ereduz aldatzeko aukerari buruz eta neurri publikoek gizarte osoaren mentalitatea aldatzen ez den bitartean gaur egungo egoera aldatzeko dituen aukera errealei buruz.
Azken alderdi horren harira, bereziki garrantzitsua da beste herrialde batzuen (Frantzia, Suedia) esperientzia aintzat hartzea; izan ere, horietan enpresen eta erakundeen lehiakortasunari eutsi ez ezik gizarte-sistemaren iraunkortasuna indartu ere egiten ari da, jaiotza-tasa eta gizonen eta emakumeen arteko gizarte-berdintasuna handitzen ari baitira.
Azkenik, aipatu behar dugu egoera soziodemografiko eta sozioekonomiko horrek familiaren arloan gizarte-ongizateko ereduaren iraunkortasunerako ondorioak ekartzen dituela, eta zehazkiago ezgaitasunen bat duten pertsonei eta mendeko pertsonei arreta emateko erakunde-ereduari dagokionez, horren etorkizuna arriskuan baitago bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundearen eta EAEn lan egiteko adina duten pertsonen oinarriaren murrizketaren ondorioz.
Modu horretan, haurrei arreta emateko eredua gutxi garatuta dagoela eta –hurrengo kapituluetan ikusiko denez– Europako testuinguruaren aldean gabezia handiak dauzkala aintzat hartuta eta ezgaitasunen bat duten pertsonak, mendeko pertsonak edo adinekoak babesteko prestazioen eta zerbitzuen iraunkortasuna zalantzazko egoeran dagoela kontuan izanda, badirudi argi dagoela EAEn familiei prestazio integralak emateko ereduari buruzko hausnarketa bat, eragile publikoak, pribatuak eta sozietate zibila barne hartzen dituena, ezarri behar dela.